Stockholm

Stockholm
Stockholm
hiria
Hiriaren hainbat irudi. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Gamla Stan alde zaharra, Skeppsbron kalea, udaletxea, Hötorget eraikinak, Ericsson Globe eta Errege Jauregia. Irudi gehiago
Administrazioa
Herrialdea Suedia
KonderriaStockholmgo konderria
ProbintziaSödermanland eta Uppland
AlkateaKarin Wanngård (en) Itzuli
Izen ofizialaStockholms stad
Jatorrizko izenaStockholm
Posta kodea100 00–200 00
Geografia
Koordenatuak59°19′46″N 18°04′07″E / 59.3294°N 18.0686°E / 59.3294; 18.0686
Map
Azalera188 km²
Demografia
Biztanleria984.748 (2022ko abenduaren 31)
5.978 (2021)
Dentsitatea5.261,53 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1252
Telefono aurrizkia08
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakbaliorik ez
Hizkuntza ofizialasuediera
http://www.stockholm.se

Stockholm[1] Suediako hiriburu eta hiri handiena da, bai eta Eskandinaviako hirigunerik handienetakoa ere.

Hiriak berak uhartedi bat osatzen du,14 uhartez osatua dago eta 53 zubiz lotua. Horregatik, zenbait turismo-sustatzailek ahaleginak egin dituzte "Iparraldeko Venezia" izendapenari bultzada ematearren.

Administratiboki Stockholmgo konderriko udalerria da eta 765.044 biztanle ditu, eta metropoliak 1.704.930. Suediako gobernuaren eta parlamentuaren egoitza da. Stockholm XIII. mendetik izan da Suediako erdigune politiko eta ekonomikoa.

Geografia

1750eko hiriaren planoa.

Stockholm hiria Suediaren ekialdeko kostan kokaturik dago, Mälaren aintzirak Itsaso Baltikoarekin bat egiten duen tokian. Stockholmgo uhartediko hamalau uharte hartzen ditu udalerriak. Hiriaren erdigunea Riddarfjärden badian kokaturik dago. Stockholmen %30etik gora ur-ubidez estalita dago eta beste %30 inguru parkeek eta berdeguneek osatzen dute.

Honako hauek dira uharteak:

Klima

    Datu klimatikoak (Stockholm)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) -0.7 1.1 6.0 10.4 16.7 21.2 23 21.2 16.2 11.6 4.9 1.6 11.1
Batez besteko tenperatura (ºC) -2.9 -3.1 0.0 4.6 10.5 15.4 17.2 16.3 12.0 7.3 2.6 -1.1 6.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -5.0 -5.3 -2.7 1.1 6.3 11.3 13.4 12.7 9.0 5.3 0.7 -3.2 3.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 39 27 26 30 30 45 72 66 55 50 53 46 540
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 16 16 12 10 10 9 9 10 10 10 12 15 139
Eguzki orduak 50 82 155 205 276 302 290 251 184 119 64 43 2021
Iturria: [2]

Banaketa administratiboa

2007ko berrantolaketa egin ondoren Stockholm hiriak 14 barruti ditu, hiru eremutan banatuta:

Historia

Sorrera eta izena

Stockholm gauez.

Saga nordikoetan, Stockholmen kokalekua Agnafit izenaz identifikatuta agertzen da, batez ere Agne erregeari lotuta.

Idazkietan, Stockholm izena lehenbizikoz 1252an ageri da, Bergslagengo meatzeak zirela-eta burdinaren merkataritzarako toki garrantzitsua zenean. Izenaren lehen zatiak (stock) "enbor" esan nahi izan lezake, edo "gotorleku" esan nahi duen hitz aleman zahar batekin (Stock) zerikusia izan lezake, Izenaren bigarren zatiak (holm) "uhartetxo" esan nahi du, eta, uste ohi denez, Stockholmen zentroan dagoen Helgeandsholmen irla dauka aipagai.

Pentsatzen da hiria Birger Jarl-ek fundatu zuela, atzerriko itsas armaden itsas-inbasio batetik Suedia babesteko eta Mälaren lakuaren ertzeko Sigtuna bezalako herrietan lapurretarik ez gertatzeko. Hiriaren muin edo Alde Zaharra, suedieraz Gamla Stan deiturikoa, 1300etik 1500era bitartean eraiki zen, Helgeandsholmen-en aldameneko irla zentralean.

Hazkundea

Stockholmek garrantzia hartu zuen Hansako Ligak Itsaso Baltikoan eginiko merkataritza-jarduerari esker. Garai horretan, Stockholmek lotura ekonomiko eta kultural sendoak ezarri zituen Lübeck, Hamburg, Danzig, Vixby, Reval (gaur egungo Tallinn) eta Rigarekin. 1296tik 1478ra bitartean, Stockholmgo udalbatzak 24 kide izan zituen, eta haien erdiak Hansako Ligaren ordezkariak ziren.

Dokumentu ezberdinetan adierazten denez, 1270ean Stockholm jadanik egiazko hiri bihurtua zen, eta 1289rako Suediako hiririk handiena izatera iritsi zen. Bertako biztanleriaren lehen estimazio fidagarria XV. mendekoa da: garai hartan, gutxi gorabehera mila familiaburu zeuden, eta horrek esan nahi du guztira populazioa bost eta sei mila biztanle bitartekoa zela.

1350ean, hiriak Izurri Beltza pairatu zuen, eta horrek ondorio lazgarriak izan zituen.

Hiriak zeukan garrantzi estrategiko eta ekonomikoa zela-eta, Stockholm munta handiko faktorea izan zen Kalmarko Batasuneko errege daniarren eta independentzia nazionalaren aldeko mugimenduaren artean, XV. mendean. 1520an, Christian II.a errege daniarrak hirian sartzea lortu zuen, 1520ko azaroaren 8an oposizioko ordezkarien exekuzio masiboak egin ziren, Stockholmgo sarraskia deiturikoan. Sarraski horrek matxinada gehiago eragin zituen, eta prozesu horrek, azkenean, Kalmar-eko Batasuna haustea erakarri zuen. 1523an Gustav Vasa tronura iritsi eta errege-boterea ezarri zenean, Stockholmgo biztanleria hazten hasi zen, eta 1600erako hamar milakoa izatera iritsia zen.

Aro modernoa

XVII. mendean, Suedia Europako botere nagusietako bat bihurtu zen, eta horrek bere isla izan zuen Stockholm hiriaren garapenean. 1610etik 1680ra bitartean, populazioa seikoiztu egin zen.

Stockholmgo Gamla Stan (Alde Zaharra) delakoan dagoen kale bat

1634an, Stockholm Suediako inperioaren hiriburu ofizial bilakatu zen. Horrez gain, zenbait merkataritza-arau onetsi ziren, Stockholmi monopolioa ematen ziotenak merkatari atzerritarren eta Suedia nahiz Eskandinaviako beste lurraldeen arteko merkataritzaren gainean.

1713tik 1714ra bitartean, Stockholmek Izurri Beltza jasan zuen. Iparraldeko Gerra Handia amaitu eta hiriko zenbait auzune 1721ean suntsituak izan ondoren, hiriaren garapena zeharo geldotu egin zen. Biztanleriaren hazkundea geratu egin zen eta hazkunde ekonomikoa moteldu. Hala eta guztiz ere, Stockholmek eutsi egin zion Suediako erdigune politikoa izateari, eta Gustav III.aren agintepean kulturaren alorrean garatzen segitu zuen. Hiriko errege-opera garai horren erakusgarri arkitektoniko ona da.

XIX. mendearen bigarren erdirako, Stockholmek bere aitzindaritza ekonomikoa berreskuratu zuen. Industria berriak sortu ziren, eta Stockholm merkataritza eta zerbitzu gune garrantzitsu bihurtu zen, bai eta Suedia barruko oinarri-oinarrizko igarobide ere. Halaber, garai horretan populazioak hazkunde nabarmena izan zuen, gehienbat immigrazioaren ondorioz: mende horren amaieran, hiriko biztanleen % 40 baino gutxiago ziren Stockholmen jaiotakoak. Auzuneak hiriaren mugez haratago eraikitzen hasi ziren.

XIX. mendean, institutu zientifiko mordo bat ireki zen Stockholmen; besteak beste, Karolinska Institutua. 1897an, Arte eta Industria Erakusketa Orokorra egin zen.

XX mendea

XX. mendearen bigarren erdian, Stockholm hiri moderno, teknologikoki aurreratu eta etnikoki anitza bihurtu zen. Eraikin historiko ugari eraitsi zituzten, Klara-ko auzo historiko osoa barne, eta haien ordez arkitektura modernoko eraikinak altxa zituzten. Mende osoan zehar, industria ugari iragan ziren lan intentsiboko jardueretan aritzetik puntako teknologia eta zerbitzuen alorrak jorratzera.

Hiriaren hedapenak aurrera segitu zuen, eta auzo berriak sortu ziren, hala nola Rinkeby eta Tensta. Horietako zenbaitetan, biztanleriaren zati handi bat etorkinek osaturikoa da.

Arkitektura

Katedralaren dorrea
Errege Jauregia

Suedieraz Gamla Stan deitzen diote hiriaren alde zaharrari. Hiriaren erdialdeko uharte txiki batzuen gainean kokatuta dago, hiria sortu zen lekuan. Bertako kaleen trazadura Erdi Arokoa da.

Hiriaren alderdi honetako eraikin aipagarrienetako batzuk honakoak dira: San Nikolas katedrala, suedieraz eskuarki Storkyrkan gisa ezagutua, XIII. mendean fundatu zen, baina XVIII. mendeko kanpoalde barrokoa dauka. Dorre bakarreko eraikin hau Suediako "adreiluzko gotiko"aren erakusgarri nabarmena eta Stockholmgo gotzainaren egoitza da. Hortik oso hurbil, estilo barrokoko Errege Jauregia dago (Stockholms slott), Suediako erregearen egoitza ofiziala (nahiz eta ez den bertan bizi, baizik eta Drottningholmgo jauregian, hiriaren kanpoaldean). Nabarmentzekoak dira, halaber, Eliza Alemana (Tyska kyrkan), tamaina handiko eraikina, eta jauregi nahiz etxalde ugari: Riddarhuset (Nobleziaren etxea), Bonde jauregia, Tessin jauregia eta Oxenstierna jauregia. Stockholmgo eraikinik zaharrena Riddarholmen eliza (Riddarholmskyrkan) da, XIII. mendekoa. Eliza honetan daude hilobiratuta Suediako errege-erreginak.

XV. menderako, hiria jadanik bere jatorrizko mugetatik haratago hedatuta zegoen. Garai horretako eraikin txiki batzuk, industria-aroa baino lehenagokoak, aurki daitezke, oraindik ere, Södermalm izeneko aldean.

XIX. mendean eta industrializazio-garaian zehar, Stockholm azkar asko hazi zen, eta bertako arkitektura eta hirigintza-planek Berlin eta Viena bezalako europar hiri handiak zeuzkaten inspirazio-iturri. Garai honetako eraikin aipagarriak dira Suediako Errege Operaren eraikina, eraikin publikoen artean, eta Strandvägen-eko luxuzko etxebizitzak bezalako ekimen pribatuak.

Stockholmgo udaletxea

XX. mendean, mugimendu nazionalistak arkitektura-estilo berri bat sustatu zuen, Erdi Aroko eta Pizkundeko ezaugarriek inspiratua eta Jugendstil eta Art Nouveau korronteen eragina ere bazeukana. Horrela, hiriaren eraikinik bereizgarrienetako bat, Stockholmgo Udaletxea, 1911tik 1923ra bitartean eraiki zen. Ragnar Östberg arkitektoaren lan bat da. Garai horretako beste obra azpimarragarri batzuk dira Stockholmgo liburutegi publikoa eta Skogskyrkogården hilerria, "basoko hilerri" gisa ezagutua.

Konserthuset

Ezin aipatu gabe utzi garai berean eraikitako Konserthuset (Stockholmgo Musika Jauregia). Ivar Tengborn-ek diseinatua da, eta 1926an inauguratu zen. Stockholmgo Errege Orkestra Filarmonikoaren egoitza da, baina famatua da, batez ere, areto horretan egiten delako, urtero, Nobel sarien sari-emate ekitaldia (Bakearen Nobel sariarena izan ezik, horren emate-ekitaldia Osloko Udaletxean egiten baita). Konserthuset oso erraza da identifikatzen, kanpotik kolore urdin oso bereizgarriz margotuta dagoelako.

1930eko hamarkadan, Modernismoak bere arrastoa utzi zuen hazten ari zen hiriaren zenbait aldetan. 1950eko hamarkadan, Stockholmgo metroaren sorrerak fase berri baten mugarria ipini zuen Stockholmen hazkundean. 1960ko hamarkadan hiri-aldirien garapenak aurrera segitu zuen, baina garai hartako estetika nagusi zela: masa-produkzioan ekoitzitako etxebizitza-blokeek, industrializazioarekin hain lotuta egon ohi direnek, kritika ugari izan zuten.

Sergels Torg plaza, hiriaren zentroan

Hiri-aldirien garapen horren aldi berean, hiriaren zentroko gune garrantzitsu asko birdiseinatzen hasi ziren. Horrela, Sergels Torg (suedieraz, "Sergel-en plaza") famatua, hiriaren bihotzetako bat, eta bere bost eraikin garaiak 1960ko hamarkadan egin ziren, eta jarraian espazio handiak libre utzi ziren, proiektu berriei tokia egiteko. Garai horretako eraikinik aipagarrienak dira Kultur Etxeak, Hiriko Antzokiak eta Banku Nazionalak osatzen duten multzoa, Sergels Torg-en kokatua eta Peter Celsing arkitektoak diseinatua.

1980ko hamarkadan Modernismoaren hirigintza-ideiak auzitan jartzen hasi ziren, eta dentsitate handiagoko auzoak sortu zituzten, hala nola Skarpnäck. 1990eko hamarkadan, ideia horretan sakonduz, hiri-zentrotik hurbil zegoen industrialde zahar bat birmoldatu zen, eta horren emaitza izan da Hammarby Sjöstad auzune berria.

Udalak hiriaren edertasuna babestu eta zaintzeko batzorde bat eratu du, Skönhetsradet izenekoa.

Kultura

Skogskyrkogården hilerria

Kulturgintza jori eta aktiboa duen hiri handi bat izateaz gain, Stockholm, Suediako hiriburua den aldetik, erakunde kultural nazional ugariren kokalekua da.

Stockholmen inguruetan UNESCOren Gizateriaren Ondare diren bi toki daude: Drottningholmgo Errege Jauregia eta Skogskyrkogården hilerria, "basoko hilerri" gisa ezagutua.

Stockholm izan zen 1998ko Europako kultura-hiriburua.

Museoak

Stockholmek museo-aukera oparoa dauka, milioika pertsonak bisitatzen dituzten 100 museo inguru baitauzka.

Vasa Museoa, kanpotik ikusia

Alabaina, eta dituen arte-museo muntadunez hitz egin baino lehen, komenigarria litzateke bere originaltasun eta interesarengatik arreta oso berezia merezi duen museo aski berri bat (1990ean ireki zen) aipatzea: Vasa Museoa. Objektu bakar bat erakusteko eraiki zen: XVII. mendeko Vasa gerraontzia, munduko gerraontzi boteretsuena izateko asmoz egina, 1628an bere inaugurazio-itsasoratzean hondoratu zena, diseinu-akats baten ondorioz. Hirurehun urte baino gehiagoz Stockholmgo uren azpian galduta egon ondoren, XX. mendean aurkitu eta itsaso azpitik atera zuten. Abentura horren guztiaren nondik norakoei buruzko azalpen zehatzak eta, garrantzitsuago dena, itsasontzia bera, urpean modu harrigarrian kontserbatu zena, erakusgai daude Vasa Museoan.

Museo Nazionalak Suediako arte-bildumarik handiena dauka; 16.000 margolan eta bestelako 30.000 artelan. Bildumak XVI. mendean du sorrera, Gustav Vasa-ren garaian, eta harrezkero handituz joan da, Rembrandt eta Antoine Watteau bezalako artisten lanekin, eta Suediako arte-ondarearen funtsezko osagaiak ditu, hala nola Alexander Roslin, Anders Zorn, Johan Tobias Sergel, Carl Larsson, Carl Fredrik Hill eta Ernst Josephson bezalako artisten obrak.

Arte Modernoaren Museoa (suedieraz, Moderna Museet) da Suediako arte modernoaren museo nazionala. Dituen obren artean aipagarri dira Picasso eta Salvador Dalí-renak.

Beste museo aipagarri batzuk:

  • Historia Museoa: Suediako historiaurrea, Bikingoen Aroa, Erdi Aroa eta Suediako Erresumaren 1000 urteko historia azaltzen ditu.
  • Skansen: 1891n inauguratua, aire zabaleko museoen adibide eredugarria.
  • Museo Nordikoa: Suediako historia kulturalari eta etnografiari buruzkoa.

Kirolak

Djurgårdens IF (urdinez) eta AIK Solnaren (beltzez) arteko partida.

Stockholmgo kirol talde nagusiak AIK Solna eta Djurgårdens IF dira. Hainbat kiroletan parte hartzen duten arren futbolean lortu dituzte emaitza onenak, bakoitzak Suediako 11 liga eskuratu baititu.

Mundu mailako kirol ekitaldi garrantzitsuak ere egin dira bertan, aipagarrienak 1912ko Udako Olinpiar Jokoak eta 1958ko Munduko Futbol Txapelketa izan dira. Munduko Eskubaloi Txapelketaren hainbat ekitaldi izan dira Suedian, tartean Stockholmen.

Iruditegia

Stockholmdar ospetsuak

Hiri senidetuak

Erreferentziak

  1. Eta ez *Estokolmo. (Munduko estatu-izenak, herriarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak Euskaltzaindiaren 38. araua (206 or.)
  2. http://www.worldweather.org/096/c00187f.htm#climate Worldweather webgunea

Kanpo estekak

  • (Suedieraz)(Ingelesez) Stockholmeko Udalaren webgunea
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1754
  • Commonscat Multimedia: Stockholm / Q1754

  • Wd Datuak: Q1754
  • Commonscat Multimedia: Stockholm / Q1754


Europako kultura-hiriburuak

1985 Atenas  • 1986 Florentzia  • 1987 Amsterdam  • 1988 Mendebaldeko Berlin  • 1989 Paris  • 1990 Glasgow  • 1991 Dublin  • 1992 Madril  • 1993 Anberes  • 1994 Lisboa  • 1995 Luxenburgo hiria  • 1996 Kopenhage  • 1997 Tesalonika  • 1998 Stockholm  • 1999 Weimar  • 2000 Reykjavik  • Bergen  • Helsinki  • Brusela  • Praga  • Krakovia  • Santiago de Compostela  • Avignon  • Bolonia  • 2001 Rotterdam  • Porto  • 2002 Brujas  • Salamanca  • 2003 Graz  • 2004 Genova  • Lille  • 2005 Cork  • 2006 Patras  • 2007 Luxenburgo hiria eta Eskualde Handia  • Sibiu  • 2008 Liverpool  • Stavanger  • 2009 Linz  • Vilnius  • 2010 Essen  • Istanbul  • Pécs  • 2011 Turku  • Tallinn  • 2012 Maribor  • Guimarães  • 2013 Košice  • Marseilla  • 2014 Umeå  • Riga  • 2015 Mons  • Plzeň/Pilsen  • 2016 Donostia  • Wrocław  • 2017 Aarhus  • Pafos  • 2018 Leeuwarden  • Valletta  • 2019 Matera  • Plovdiv 2020-2021eko apirila Rijeka  • Galway  • 2022 Kaunas  • Esch-sur-Alzette  • Novi Sad  • 2023 Veszprém  • Timișoara  • Eleusis  • 2024 Tartu  • Bad Ischl  • Bodø 2025 Chemnitz

  • i
  • e
  • a
Hansako Ligaren kideak zirkuluaren arabera
Hiri nagusiak maiuskula txikitan.
Germaniako Erromatar Inperio Santuko Hiri Inperial Askeak letra etzanean.
Wendotar
Lübeck
Anklam  • Demmin  • Greifswald  • Hanburgo  • Kolberg (Kołobrzeg)  • Lüneburg  • Rostock  • Rügenwalde (Darłowo)  • Stettin (Szczecin)  • Stolp (Słupsk)  • Stockholm  • Stralsund  • Visby  • Wismar
Hansako Ligaren merkataritza-ibilbide nagusiak
Saxoi
Brunswick
Magdeburg
Berlin  • Bremen  • Erfurt  • Frankfurt Oder  • Goslar  • Mühlhausen  • Nordhausen
Baltikokoa
Danzig
(Gdańsk)
Breslau (Wrocław)  • Dorpat (Tartu)  • Elbing (Elbląg)  • Königsberg (Kaliningrad)  • Krakovia (Kraków)  • Reval (Tallinn)  • Riga (Rīga)  • Thorn (Toruń)
Westfaliar
Kolonia1
Dortmund1
Deventer  • Groningen  • Kampen  • Münster  • Osnabrück  • Soest

Kontore
Nagusia
Bryggen (Bergen)  • Hanzekantoor (Brujas  • Anberes2)  • Steelyard (Londres)  • Peterhof (Novgorod)
Bigarren mailakoa
Bishop's Lynn  • Falsterbo  • Ipswich  • Kaunas  • Malmö  • Polotsk  • Pskov
Beste hiriak
Bristol  • Boston  • Damme  • Leith  • Herford  • Hull  • Newcastle  • Stargard  • Yarmouth  • York
1 Kolonia eta Dortmund westfaliar zirkuluaren hiriburuak izan ziren, garaiaren arabera.
2 Anberes nagusi bilakatu zen, behin Brujas, Zwingo ubidea zela eta, helezin bilakatu zenean.