Zelula barneko parasito

Zelula barneko parasitoak zelula barruan bizi eta ugaldu daitezkeen mikroorganismoak dira. Makrofago eta beste fagozito barnean bizitzeko gaitasuna dutenez, sortzen dituzten infekzioak ez dira erraz sendatzen. Kategoria honetan bi mikrobio mota daude: fakultatiboak eta hertsiak.

Zelula barneko parasito fakultatiboak

Hauek zelula barnean zein zeluletatik kanpo bizi daitezke. Zelula barruan, fagozitoetan bizitzen nahiago dute.

Talde honetan, besteak beste, mikrobio hauek daude:

  • Salmonella enterica
  • Mycobacterium tuberculosis
  • Mycobacterium leprae
  • Brucella
  • Legionella pneumophila
  • Listeria monocytogenes
  • Neisseria meningitidis
  • Francisella tularensis

Bakterio hauek guztiak laborategiko hazkuntza-inguruetan ere kultibatu daitezke.

Onddoen artean, hauek daude:

  • Histoplasma capsulatum
  • Cryptococcus neoformans

Zelula barneko parasito hertsiak

Talde honetako mikrobioek derrigorrez ostalariaren zelulen barruan bizi behar dute. Ezin dute zeluletatik kanpo bizi. Fagozitoak baino gehiago, endotelioko zelulak nahiago dituzte bizitzeko.

Talde honetan daude:

  • Birusak
  • Coxiella burnetii
  • Rickettsia
  • Chlamydia
  • Pneumocystis jirovecii onddoa

Zelula barneko parasito hertsiak ez dira laborategiko hazkuntza-inguruetan hazten. 2009. urtean, ordea, zientzialari batzuek lortu zuten Coxiella burnetii patogenoa teknika berri baten bidez laborategian haziaraztea, eta horrek ere beste zelula barneko parasito hertsientzat balio lezakeela adierazi zuten [1]

Patogenia

Zelula barneko parasito fakultatiboak gai dira immunitate-sistemako fagozitoetan bizitzeko. Fagozitosiaren ondoren mikrobio hauek ez dira suntsitzen, lisosomen erasoari erresistentzia diotelako. Zelula barneko ingurugiroa oso egokia da mikrobio hauentzat, bertan babestuta baitaude antibiotiko edo antigorputzen erasoen aurrean. Horregatik, mikroorganismo horiek sortzen dituzten infekzioak ez dira erraz sendatzen, eta kronikoak bihurtu ohi dira.

Fagozitoak ez ezik, beste zelula somatikoek ere zelula barneko parasitoak eduki ditzakete. Zelula barneko infekzioa ohikoa da gaitz baten eramaileak diren gizabanakoengan (pertsona horiek ez dituzte gaitzaren sintomak, baina mikrobio patogenoak eramaten dituzte) eta baita gaitz kroniko bat duten pertsonengan ere (gaitz kroniko hori garai batzuetan aktibatzen da -mikrobioa zelula barnetik ateratzen denean- eta beste garai batzuetan ez du sintomarik ematen -zelula barnean dagoenean-)

Zelula barneko parasitoei aurre egiteko antigorputzen jarduera ez da eraginkorra. Immunitate-sistemak beste mekanismo batzuk erabili behar ditu (T linfozitoak eta NK zelulak, esaterako) mikrobio hauek suntsitu ahal izateko.

Erreferentziak

  1. Omsland, A; Cokrell, D; Howe, D; Fisher, E, eta beste batzuk: Host cell-free growth of the Q fever bacterium Coxiella burnetii Proceedings of the National Academy of Science USA 106(11): 4430-4

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q3720909
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q3720909